XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Itzalpeko ahotsak UZTAILAK 3, eguerdia. Kartazaleko hizkiei berehala hartu zieat hireen tankera.

Trakets zabaldu diat segituan: bizarra moztuko duk; hazkurea eragiten dik udaberriko sargori madarikatu horrek; kozka hasi omen dituk eltxoak....

Heldu zitzaidan hire azkenbigarren gutuna bilatu diat orduan: okotza izterrak bezain leun geratu zaiala eta bizarrik gabe mutil koskor bat dirudiala idatzi hidan.

Eta gutun bion datak alderatu behar izan dizkiat apirilak 5 lehenik, martxoak 17 gero hango eta hemengo denborek kronologia logika bera jarraitzen ez dutela gogoratzeko berriro.

Postari eskasak, zentsoreak. Azkenengo honek hiru hilabeteko atzerapena ekarri dik gainera; hobe duk horrela ordea, beren gazteleraz hastea baino.

Pozten natxiok ikusmena zuzpertzen ari haizela jakiteak, nahiz eta gau debekatuak irakurtzen igarotzen dituan oraindik, ohitura txarrak galdu ezinik.

Goizeroko begi ariketek mesede egin diate orduan? Sasoi honetan, gutxienik, luzeagoak dituk egunak eta eskertzekoa argia.

Baina ez dezaala horregatik bista sekula baino gehiago matxakatu.

Eskura araziko dizkiat hala ere eskatutako liburuak (ez, ez nauk neu ere zentsore bihurtuko).

Portzierto, zer dela eta hire azken aldiko narratibarekiko zaletasun berezi hori?; poema liburua alde batera utzi eta ipuinekin pentsatzen ari ote haiz?.